XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Literatur-bizkaiera edo bizkaiera literarioa deitzen doguna idazle batzuen erabagiaren ondorioz sortu zan XVIII. gizaldiaren amaieran eta XIX.aren hasieran.

Idazleok Juan Antonio Mogel eta Añibarro izan ziran, Pablo Pedro Astarloak be bultzada handia emon ebalarik bere hizkuntz-iritxi eta zuzperlanaren bitartez.

Erabagi hori nahikoa naturala eta normala zan, Bizkai-aldean eleiz-liburu eskabidea egoan eta, besteak beste.

Baina ez zan erreza bizkaieraz idaztea.

Ordura arte bizkaieraz idatzitako liburuak gitxi ziran eta eredutzat hartzekorik ez behinik-behin.

Lapurterazko eta gipuzkerazko liburuetan euskeraz idazten ikasi eta bizkaieraren lurra gorritzen hasi ziran.

Lan neketsua berau, gure euskalkiek hizkera edo berbeta-modu ugari eta toki bakoitzean ia desberdina dabeelako.

Jakina, kontua zan idazleak zelan idatzi behar eban.

Izan be, literatur euskalkiak edo euskalki literarioak idatzizko ereduak dira: iritxi batzuk eskatzen ditue, eredu batzuk aukeratzea eta, ahal dala, batasun bat lortzea.

Mogel eta Añibarroren iritxiak ez etozan beti bat.

Mogelenak eguzkialdeko bizkai-euskera hartzen eban oinarri nagusitzat, Markina aldekoa, bera horkoa zan eta bertan egoan abade.

Gainera, Markinako euskera ospe onekoa zan, Larramendi, Kardaberaz eta Humboldt-ek inoenez.

Honek ez dau esan nahi Mogelen bizkaiera literarioa eta Markinako euskerea gauza bera diranik.

Esate baterako, Markinan neska-mutillekiñ esango zan ziurrenik Mogelen denporan, gaur lez, baina berak nesca-mutillacaz idazten eban.

Añibarroren bizkaierak, ostera, Bizkai mendebaldekoan eban oinarria, bera arratiarra izanik, baina Zarauzko komentuan bizi zan, Mateo Zabala lez, batetik bestera ibili zan hegoaldeko Euskal Herri guztian eta Atsular eta euskal idazleak ondo ezagutzen zituan.

Dana dala, bizkaiera literario honen zimentarria herri-euskera da.

Bizkai-mendebalde eta eguzkialdekoaren arteko tenka bat dago eta, tamalez, Gipuzkoako bizkaiera eta Arabakoa baztertuta gelditzen dira erabagiotatik, euren eragintxoa izan arren.

Mogel eta Añibarrok, beraz, euren iritxiak agertu eta eztabaidatu zituen, gramatika eta hiztegiak egin, arauak ezarri...

Hor ditugu, adibidez, Añibarroren Gramática Bascongada, Voces Bascongadas eta Atsularren Gero-ren itzulpena.

Geroago, Zabalak aditza osoago bildu eta arautu eban.

Badago corpus teoriko bat, beharbada hobeto aztertu beharko litzatekeena.

Baina kontuan izan behar da gure klasikoak hizkuntz arazoei buruz eben ezagupen-maila eta beraz hareen iritxiak ezin dira oraingoak aintzat hartuta epaitu.

Mogel eta Añibarrok bizkaieraz liburuak ataratzea erabagi eben eta euskalki hau lantzea.

Benetako idazleak izan ziran eta bizkaiera ospe onekoan idatzi eben.

Euron aldean aurretikoek batez be dotrina eta eleizliburuak argitaratu zituezan, hizkuntza asko apaindu barik.

Baina Mogel eta Añibarroren garaian liburuak ataratzeko eragozpen handiak egon ziran korrejidoreak baimenik emoten ez ebalako, besteak beste, eta horregaitik hareen idazlan gehienak argia ikusi barik gelditu ziran.